Skip to Content

Arantzazuko santutegia

arantzazuko-santutegia-01
arantzazuko-santutegia-02
arantzazuko-santutegia-03

Euskal Herriaren bihotzean dagoen Santutegi hau, espiritutasunarentzako gune aparta izateaz gain, euskal arte garaikidearen adierazpen esanguratsuenetako bat ere bada.

Tradizioak dioskunez, Baltzategiko Errodrigok bere artaldea batu nahirik zebilela, dei egiten zion ezkila baten soinua entzun eta elorri artean Andre Mariaren irudia topatu omen zuen 1468ko udaberrian. Miraritzat hartu zen aurkikuntzak berehala jarri zituen erromesak hona bidean, Santutegiaren bizitzari hasiera emanez. 

Eraikuntza desberdinak tartekatuz joan dira mendez mende, Arantzazuk historian zehar jasandako suteen ondorioz. Azkenengoz 1834an guztiz kiskalia suertatu zen, gerrate karlisten testuinguruaren baitan. XIX. mende amaierarako berreraikia zegoen tenplua baina, txiki geratu zen nonbait eta 1950ean Anaiarte Frantziskotarrak basilika berri handiagoa altxatzeko lehiaketa arkitektonikoa abiatu zuen. Aurreproiektu irabazlea Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga bikoteak sinatutakoa izan zen eta diamantezko puntez goitik behera jositako haien hiru dorreak jada ikono unibertsal bilakatu dira.

Arkitektoek ez ezik, punta-puntako zenbait artista plastikok ere hartu zuten parte tenplu berriaren proiektuan, bere dekorazio lanak eztabaida bizia piztu zuelarik bere garaian. Jorge Oteizak Pietatearen eta Apostoluen irudiek osatzen duten fatxadako dekorazio eskultorikoa hartu zuen bere gain, Eduardo Chillidak sarbideko lau ateetako geometria puruak burdinaz landu zituen bitartean. Barrura sartzen den argi naturala Xabier Álvarez de Eulatek egindako beirate urdinxkek iragazten dute, eta Lucio Muñoz informalistaren erretaula monumentalak hainbat historialarik erromaniko berantiar edo gotikorako trantsizio garaian, XIII. mendean alegia, datatzea egokitzat jo duten Arantzazuko «Andra Mari» —haurra gainean daramaten eseritako Birjinek deritzoten tipologia— txikia hartzen du bere ganbaratxoan. Kriptan, azkenik, Nestor Basterretxearen horma-pintura koloretsuak aurkituko ditugu, Berpiztutako Kristoaren irudi gorria ardatz gisa duen gizateriaren historiaren kontakizuna osatzen dutenak.

Labur esanda, gure eskualdeko harribitxi turistikoetako bat dugu Arantzazuko Santutegia. Hurbil zaitez honek eskaintzen digun ondare historiko-artistikoa ezagutzera, ez zara damutuko eta.

Santutegiaren bisita birtuala: www.3tenplu360.com

Back to Top