Skip to Content

Arrasate monumentala

arrasate-monumentala-01
arrasate-monumentala-02
arrasate-monumentala-03

Bere ahalmen oroitarazle indartsuarekin hiribilduaren Erdi Aroko jatorria aditzera ematen duen Arrasateko alde zaharrean murgiltzerakoan, zail egiten zaigu denboran atzera ez bidaiatzea. Luzetarako hiru kalek — Ferrerias, Erret bidearen igarobide zen Erdiko kalea eta Iturriotz— eta horiek zeharkatu zein elkarlotzen dituzten kantoi estuagoek —Zurgin, Olarte eta Kontzeziño— osatzen dute bere trazadura. Harresiz inguratuta zegoen eta jatorrizko sei sarbideetatik hiru ate besterik ez dira iritsi guganaino. Erdi-erdian, gotorleku itxura duen San Joan Bataiatzailearen parrokia gotikoa kokatzen da, zeinean kanpandorre-arkupe dotorea edota teilatuko euri-urak kanporatzeko abere tankerako gargolak gailentzen baitira.

Inguruko kondeen boterearekiko bere independentzia mantentzea lortu zuen arren, ez zen bandoen arteko gatazken ondorioetatik libro eta 1488. urteko sute handiaren ondorioz errauts bihurtuta geratu zen Mondragoe. Aurrerantzean baina, burdingintzari eta altzairuari lotutako hazkunde sozioekonomikoak, hein handi batean, bere isla utzi zuen herrian, XVI. eta XVII. mendeetako garapen urbano eta konstruktiboan ikus daitekeena.

Bañez-Artazubiaga jauregian esaterako, errenazimenduko fatxada baten adibide bikaina aurkituko dugu, bere ateburuak oparotasunaren eta ospearen sekretua erazagutzen digularik latinezko inskripzioaren bidez. Barrokoaren garaiko eraikuntzei dagokionean herrerar estilo nagusitu zen, errebaletan miretsi ditzakegun San Frantzisko eliza eta komentuan —zati batean Kulturate izenez ezagutzen den kultur etxea barne hartzen duena gaur egun— edo Okendo eta Monterron jauregian. Azken honen atzealdean, herriko txoko preziatuenetarikoa den eta aparteko zuhaitz gisa babestutako sekuoia erraldoi bat duen  izen bereko parkea zabaltzen da.

Herriko plazara itzuliz, Martin Karrera arkitektoaren obra garrantzitsuenetariko bat altxatzen da; Udaletxea, alegia. XVIII. Mendeko arkitektura publiko barrokoaren eredu den honek frantziar-kutsuko rokoko fina dotoreziaz integratzen du bai baoen inguruan txertatutako apaingarri bakanetan baita frontoiko tinpanoan kokatutako armarria handian ere.

Labur esanda, gure eskualdeko harribitxi turistikoetako bat dugu Arrasate. Hurbil zaitez honek eskaintzen digun ondare historiko-artistikoa ezagutzera, ez zara damutuko eta.

Back to Top