- Umeekin
- Oñati
Oñati monumentala
Hainbat mendetan Jaurerri eta gero Konderri izan zen Oñati. Hirigunea menderatzen duen muinoan kokatzen den Zumeltzegi dorretik agintzen zuen Gebarako Etxeak. Areto-dorrearen tipologiari erantzuten dion honek izaera militar-defentsibo nabarmena mantentzen jarraitzen du, gezileiho ugariei edota bere goialdea mozteaz libratu zenari esker. Gebaratarren botereaz jabetzeko San Migel Parrokiako aldare nagusiaren azpian dagoen kriptara gerturatu eta Pedro Velez de Gebara jaunaren hilobi gotikoaren handitasuna begietsi besterik ez dugu egin behar. Borgoinar eragina du eta alabastroan finki landuta dauden erliebeek osatzen duten programa ikonografiko aberatsaren artean Hiru bizidun eta hiru hildakoak topo egiten dutenekoaren ohiz kanpoko gaia azpimarra dezakegu.
Oñatiko Kondeek, halaber, hamarrenak jasotzeko eskubideen bitartez gauzatzen zuten haien aginpidea. Zentzu honetan, beren menpe zeuden nekazariek jaunaren jabetzako errotetara joan beharra zuten ehotzera derrigorrez. Egungo turismo bulegoaren egoitzan bertan, Ertaroko San Migel errota zenaren aztarna arkeologikoak eta interpretazio zentroa bisita daitezke.
Hiribilduko beste familia ospetsu bat, zalantzarik gabe, Lazarragatarrena izan zen. XV. mendearen hasieran bere abizena daraman jauregi-dorrea erosi eta bertan finkatu ziren. Bertan, pinakuluetan bukatutako garitoi luzeak, arku zorrotzeko sarrera estua osatzen duen burdinazko ate iltzeduna eta fatxada betetzen duen esgrafiatu eskematikoa gailentzen dira. Leinu berean jaiotako eta erret kontulari izan zen Juan Lopez Lazarragari eta bere emazte Juana de Ganboari zor diegu Bidaurretako monastegiaren eraikuntza, bertan lurperatuak izateko sortua 1510ean. Gipuzkoako mojen lehen komentua izan zen eta Klaratar Frantziskotarren ordenako klausurako lekaimeak bizi dira bertan, arkitekturaren soiltasun formalean islatzen delarik hein batean. Elementu gotiko-errenazentistak nahasten dituen eta harlangaitzezko aparailuz eginiko eraikin honetan, iparralderantz begira dagoen portada nagusira, erlaitzetara eta tenpluaren oinaldera mugatzen da bere dekorazio ia osoa; hala nola, armarriak, santuen irudiak eta Errege Katolikoen estiloko bolen ilarak. Barrualdean, estilo errenazentista zehazki jarraitzen duen Gipuzkoako lehen erretaula kontserbatzen da, monasterioaren fundatzaileak berak dohaintzan emana eta Juan Olazaran oñatiarrak 1533an burututakoa.
Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea da, alabaina, errenazimenduko arkitektura zibilaren artean esanguratsuena gure inguruan. Lehen euskal erakunde unibertsitarioa (eta hiru mendeetan bakarra) izan zen hau, Rodrigo Mercado Zuazola apezpikuaren mezenasgo humanistapean izan zen sortua 1542an bere jaioterrian. Piarres Picart tailagileak landutako fatxada plateresko bikainarekin aurrez aurre topo egin ostean, klaustroa apaintzen dituzten 32 medailoiek bizitza bertutetsua erakusten dizkigute mitologia zein errege-bikoteen irudien bidez. Ez ahaztu atartean zein eskailera noblea igotzerakoan gora begiratzeaz, Gibajak mudejar estiloan eginiko kasetoidurek aho zabal utziko baitzaituzte. Ezin aipatu gabe utzi, frantziar artistaren eskutik ere iritsi zaigun kaperako erretaula espresiboa, Espiritu Sainduari eta San Migeli eskainia eta estilo manierista aurreratzen duena nolabait.
Ez oso urruti, San Migel Parrokian, Pietatearen kapera dago, Euskal Herriko hileta-multzo aberatsena ikuspegi artistikotik. Mercado Zuazolak berak agindu zuen eraberritzea, bere mausoleo partikular bihurtzeko. Bertan, Diego de Siloek zizelkatutako apezpikuaren marmolezko hilobi bikaina nabarmentzen da, baita kutxatilategi-erako erretaularen egituraren —Gaspar de Tordesillasek diseinatua— argitasunaren eta bertako erliebeen adierazkortasunaren arteko oreka. Bertan hilobiratzearen truke, lekaideak pulpitu errenazentistaren eta Ubao ibaiaren gainean eraikitako gotiko flamigero estiloko klaustro bitxiaren obrak ere ordaindu zituen.
Denboran aurrera salto eginez, Martín de Carrera XVIII. mendeko arkitekto gipuzkoar sonatuak barroko-rokoko estiloan proiektatutako Udaletxea topatzen dugu, bailarako ederrenetarikoa da. Estalkiaren lerroa apurtzen duen frontoian kokatutako neurriz kanpoko armarriaz gain, fatxadako demaseko apaingarriak —rocaille, coquille, floroiak, etab.— lirateke eraikin honen ezaugarri nagusiak. Bere inguruan zabaltzen den espazio zabala, Foruen enparantza deritzona, Mariano José de Lascurain eta Antonio Cortazarrek egindako hirigintza-plan neoklasikoaren emaitza da, XIX. mende erdialdean Oñati Gipuzkoako probintziara sartu zen ostekoa.
Labur esanda, gure eskualdeko harribitxi turistikoetako bat dugu Oñati. Hurbil zaitez Toledo euskaldunak eskaintzen digun ondare historiko-artistikoa ezagutzera, ez zara damutuko eta.
Informazio praktikoa
Helbidea
San Juan kalea 14, 20560, Oñati (Gipuzkoa)
Kokapena
Kontaktua
turismo@onati.eus
Telefonoa
943 78 34 53Webgunea
http://www.oñatiturismo.eusEkainetik irailera
Astelehenetik igandera: 09:30 – 14:00 / 15:30 – 19:00.
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu ditugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak