- Umeekin
- Oñati
Oñati Ekialdea, Aloñako Ibilbidea SL-GI 10
Ohiko ibilbide honek Oñatiren ikuspegi zabala erakusten du. Erdigune historikoan hasi eta nekazaritza giroko auzoetatik igarotzen da eta altxor natural eta etnografiko ugariz gozatzeko parada izango dugu.
H. Oñati. Oñatiko erdigunetik abiatzen da ibilbidea, San Anton plazatik eta San Anton kaletik aldapan gora eginez. Bertatik herriko erdiguneko teilatuak ikusiko ditugu eta hauen artean, San Migel parrokia eta Sancti Spiritus Unibertsitea nabarmentzen dira. Gora begiratuz gero, berriz, Zumeltzegiko dorrea dago.
a. Zumeltzegi Dorrea. Dorrea alde batetara utzita, eskuineko bidetik igoko gara hormigoizko pistatik apurka. Torretxebarri baserrira heldu baino lehen eskuin aldera egingo dugu eta pinudia zeharkatuz Errekalde baserrira jaitsiko gara.
b. Larraña auzoa. Arranoaitzeko errekastoa zeharkatu ondoren, Errekalde baserriaren inguruan Urubilera eramango gaituen bidetik gorantz egingo dugu. Ondoren Elordui baserrira eramango gaituen pista hartuko dugu.
Elordui baserriaren alboan eskuin aldera joko dugu Obiagarantz. Orain dela gutxi arte, kaltzada honetako zatiaren baldintzak inguruko egokienak ziren. Obiaga baserria alde batetara utzi eta Larraingaineko bidegurutzera jaisten da ibilbidea.
Elkartea ezkerrean utzita aldapan behera egingo dugu Leibar baserriantz. Hemendik, ezkerrera jarraituz, garai batean Oruetako gunea osatzen zuten baserri multzora ailegatuko gara. Gaur egun Pullangua, Zeziñena eta Erbiña baserriek osatzen dute gune hau.
Mondragon Unibertsitatearen eta Larraña Institutuko gunearen gainaldetik, ezkerreko bidetik, Ikorostondo edo Kortako errekastora ailegatuko gara.
c. Olabarrieta auzoa. Gorago dagoen txabolan eskuin aldeko bidea hartuko dugu eta bidexka jarraituz zelaia zeharkatu. Irubieta baserriaren alboko pista jarrituta Olabarrieta auzora joango gara.
Asfaltozko bidetik behera Olabarrietako beste auzune batera iritsiko gara: Olarazan auzunera. Bidegurutzetik gora eginaz, baserri batzuen eta San Jose ermitaren albotik pasa ondoren, antzinako Errege Bidera jaitsiz Ugarteko zubiaren ingurura heldu ondoren, Olaran errekaren albotik, Arrazola Azpikua zubiaren behealdetik igaroko gara Lepazpira eramaten duen Gi-2630 errepideraino. Errepidea zeharkatu eta Aiastui baserriarekin egingo dugu topo.
d. Murgia auzoa. Pistatik zati txiki baten gora egin ondoren Murgiako auzoa aurkituko dugu. Besteak beste, Maala, Korostola, Arretxe, Bixain… baserrien albotik pasa ondoren Asentzio ermitara ailegatuko gara eta elizbidetik Jauregikoa baserriaren albotik Murgialdai baserrira. Ondoren, San Martingo hariztia dago eta bidegurutzea jarraituz, San Martingo ermita. Hariztitik irteterakoan, Murgiazubietako zubi zaharrera jaitsiko gara eta jarraian, Oñatiko erdigunera.
Ibilbidea
Informazio praktikoa
Distantzia: 9 km
Malda: +305/-305 m
Hasiera: Oñatiko erdigunea
Iraupena: 2 ordu eta 25 min
Ibilbidea kml formatuan
MIDE
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu ditugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak