Skip to Content

Gatza, Leintz Gatzagako urre zuria

Gatz-poteak
Gatza
GATZ-POTEA
GATZA 1

Leintz Gatzagan gatzaren industria oso garrantzitsua izan zen eta jarduera horrek hiribilduaren sorrera bultzatu zuen. Gatz ekoizpenak eman zion izena herriari eta Gatzagako armarrian hori adierazten da: bertan dorre bat eta bi dorla (gatza lortzeko galdarak) agertzen dira.

Gatz iturria herritik 250 metrotara dago, Dorletako gaztelu zaharraren ondoan. Gaur egun birgaitu egin da eta bisitan joaten direnek, zurez egindako putzupada-gurpilaren erreprodukzioa ikus dezakete.
Gatzaga udalerria antzinako gatz-kultura berreskuratzen eta zabaltzen ari da egun. Berreskurapen hau, baina, ez da soilik gaur egungo ikuspegitik egin, begirada etorkizunean ere jarri da. Museo-jarduera da kultura horren zabalkunderako erabiltzen den baliabide nagusia. 

Gatz ekoizpena XX. Mendeko 70. hamarkadan galdu zen. 2013. urtean berriro ekin zitzaion ekoizpen eta merkaturatzeari. Ekoizpena herrian bertan egiten da, azken helburua izanik herria nahiz bailarari bizia ematea jasangarritasuna ikurtzat hartuta. Horrelakoa da prozesua: gatza gune beroan berotzen da eta ez da inora garraiatzen; ura berotzeko energia berriztagarria erabiltzen da, bertako basoko egurra, alegia; gatz-ura berotu egiten da eta gatza kristalizatzen den heinean, jaso eta lehortzen uzten da; gatzari ez zaio inolako gehigarririk ez txukuntzailerik eransten;  gatzaren ontziratze eta etiketatzea eskuz egiten da. 

Gatzaren Eguna

Gipuzkoako gatz-kultura eta Leintz Gatzagako gatza ezagutzera emateko bigarren lan-ildoa Gatzaren Egunaren urteroko antolaketa da. 2016an egin zen lehen aldiz eta, urte horretako arrakasta ikusita, edizio berriak antolatu dira ondorengo urte gehienetan, pandemiako urtean izan ezik. 

Egun horretan gatz kultura gertutik ezagutzera etortzeko dei zabala egiten da eta egitarau betea eskaini ohi da, besteak beste, jarduera hauek: gatzaren azoka ekologikoa, bisita gidatuak Gatz Museoan eta basoan, dastaketak eta  haurrentzako jolasak plazan.

https://www.gatzmuseoa.com/eu/gatz-museoa/

Back to Top