- Umeekin
- Leintz-Gatzaga
Leintz Gatzaga monumentala
Leintz Gatzaga bisitatzeak hainbat mende atzera egitea esan nahi du, iragan oparoa aditzera ematen digun bere alde zahar ederrari esker. Izan ere, Erdi Aroko oinplanoaren tankera bildua eta hesitua mantentzen duten Gipuzkoako herri bakarrenetarikoa dugu. Aurrez aurreko hiru kalek eta erret bidea igarotzen zen zeharkako ardatz nagusi batek, egun San Ignazio kalea denak, osatzen dute arrauzkara formako hiribildua. Burgura sartzeko jatorrizko zazpi atarietatik bost besterik ez diraute zutik.
Bando-gerren markoan, Gaztelako Henrike II.a erregearen eskutik gatz-ustiapenaren gaineko zenbait eskubide lortu ondoren bertakotu zen Oñatiko jauna. Horrela, XIV. eta XV. mendeen bitartean, hiribilduaren gaineko bere domeinua hedatzea lortu zuen, tokiko erresistentziak gorabehera. Harresiz kanpo zegoen gotorlekutik, gaur egun galdua dagoena, gauzatzen zuten euren boterea Gebaratarrek, baina Gatzagak kondearengandik askatzea lortu zuenean, herriko leinu zaharrenetako kide zen Juan Ochoa Elexalde militarrak orube bera eskuratu eta bere oinetxea eraikiarazi zuen hantxe. Kokapenari erreferentzia garbian Torrekua izenez ere ezaguna den XVI. mendeko jauregi honetan bere portada errenazentista gailentzen da, laño bezain harmoniatsua dena. Errosetez apaindutako dobelekin osatutako zirkuluerdiko arku batean datzan sarrerari maskor ildaskatua gainjartzen zaio, eta solairu nagusiko leihoaren gainean, berriz, frontoi klasiko baten bidez inguratuko armarria ageri da. Parez pare, ateburuko inskripzioaren arabera 1766. urtean altxatutako Ostatua etxea dago, platabandez ondo bereizitako hiru solairurekin.
Harresi barruko gunean, San Inazio, Santiago eta Pilar kaleen arteko elkargunean, As de Copas goitizenarekin ezagutzen den iturri publiko barroko monumentala aurkituko dugu, Martin de Ímaz maisuak 1725ean egina. Bi solairutan banatutako bere hamabi tutuei etengabe darie beheko piloi handiak jasotzen duen ur freskoa. Bertatik, aipagarriak diren hiru eraikin paregabe begiztatu ditzakegu; hots, XVIII. mendeko Garro eta Soran (edo Indianokoa) jauregi handientsuak, eta Udaletxe neoklasikoa, zenbaitek Justo Antonio de Olagibel arkitekto gasteiztar bikainaren lana dela uste dutena. Azken honen fatxadan, arrano bizefaloak barne hartzen duen Karlos V.aren blasoia nagusitzen da, koroa inperialarak buru emana, Urrezko Toisoiaren lepokoak inguratua eta Herkulesen zutabeen artean kokatua. Koloma horien azpian, tokiko armarri hiztuna ageri da, hiribilduaren iragan eta industria tradizionalari buruzko bi irudi sinbolikoz osatua; hau da, gaztelu almenaduna eta dorla edo burdinazko galdara gori-gori parea, zeinetatik lurruntze artifizialaren bidez lortzen baitzen gatza.
Herrigunetik aparte, muino txiki baten gainean, dago Dorletako Santutegia. Bere jatorria historiaren lanbro artean galtzen bada ere, iturburu gaziaren inguruko bizitza eta ekonomia zaintzeaz arduratzen zen jatorrizko gazteluarekin lotura zuzena duela badakigu. XVII. mendean eta XVIII.aren hasieran egindako esku-hartzeei esker itxura barrokoa du nagusiki, portada vignolesko zoragarria eta Juan Bautista Arbaizar hargin bizkaitarraren kanpai-horma nabarmentzen direlarik bertan. 1958ko urrian, Ama Birjina titularraren koroatze kanonikoa egin zenean bizikletari asko ibiltzen den Arlabango mendatean, beren babesle izendatzeko prozedura martxan jartzea erabaki zuen kirol honen zaleen talde batek. Horrela ekin zioten Luis eta Angel Serrano bilbotarrek eta Jose Luis Saenz de Olazagoitia gasteiztarrak Erromarako bideari pedalei eraginez, Juan XXIII.a aita sainduak euren eskaera aintzat hartu zetzan. Dorletako Andre Mariak txirrindularien Zaindari Unibertsala izaten jarraitzen du gaur egun.
Labur esanda, gure eskualdeko harribitxi turistikoetako bat dugu Leintz Gatzaga. Hurbil zaitez honek eskaintzen digun ondare historiko-artistikoa ezagutzera, ez zara damutuko eta.
Informazio praktikoa
Helbidea
Dorletara bidea z/g, 20530, Leintz Gatzaga (Gipuzkoa)
Kokapena
Kontaktua
info@gatzmuseoa.com
Telefonoa
943 71 47 92Webgunea
https://www.gatzmuseoa.comInguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu digugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak