- Umeekin
- Oñati
Arrasate Arantzazu Erromesbidea PR-GI 106
Hau da Arrasateko erromesek irailaren bigarren igandean goizean goiz irten eta goiz erdirako Arantzazuko Santutegira ailegatzeko erabiltzen duten bidea. Aretxabaleta eta Eskoriatzako erromesek, behin Urkuluko urtegira helduta, bide bera jarraitzen dute.
Arrasateko erdigunetik abiatzen da ibilbidea, Zerrajera kaletik, antzinako Bedoñako bidea hasten den tokitik. Seinaleak jarraituz, gaur egun Bedoñako errepidearekin egingo dugu topo. Hemen, errepidea gurutzatu eta lantegiaren albotik joango gara. Berehala, ezkerreko bidea hartuko dugu.
a.- Bedoña elizatea. Aldapan gora Bedoña auzora helduko gara. Bidegurutzean eskuin aldera egingo dugu eta berehala Uriguen baserrian gaude. Ezkerraldean Santa Eulalia parrokia dago. Iturriaga baserriaren albotik Aretxabaletako Larrino elizaterako mendi bidea jarraituko dugu Larrino elizateko GI-4132 errepidearekin topo egin arte. Puntu honetan gure ibilbidea PR-Gi 97 ibilbidearekin elkartuko da.
b.- Larrino elizatea. Errepide hau jarraituz Larrino elizateko San Kristobal parrokia aurkituko dugu. Inguru honetan bista apartaz goza daiteke; Korueta, Aozaratza eta Areantzako elizateak, Kurtzebarri, Hiruhaitz, Orkatzategi mendiak. Errepidez, Leixalde, Intsusia eta Zuatzu baserrien albotik Urkulu urtegira iritsiko gara. Gune honetan elkartzen dira Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasateko erromesbideak.
c.- Urkulu urtegia. Urtegia inguratzen duen bidea hartuko dugu ezkerraldera presa pasa eta gero, aldapa gogor eta luze bati helduko diogu.
d.- Urruxola elizatea. Pinudietan gora Urruxola Garaiko mendateraino iritsiko gara. Hemen 1400 aldera oñatiarren eta leintztarren arteko gudu ospetsua izan zen. Bidean aurrera, laster batean, Urruxola auzoko goiko partean Garaikua, Antxieta eta Estañukua baserriek osatzen duten etxe-multzoa dago. Urruxolako Andre Mariaren parrokiara iritsi, eta bertan, Olateraino doazen porlanezko eskailerak hasten dira, baina guk Barrenetxe pareraino bakarrik erabiliko ditugu. Hemen, Jaturabetik datorren kanalari jarraituko diogu Jaturabeko makinetxe txikira ailegatu arte. Araotzeko errepidera iritsi ahala, ezkerretara eta beherantz hartuko dugu. Zubia zeharkatuko dugu eta Arrikrutzeko benta zaharreko bidea jarraituko dugu, PR-Gi 3004 ibilbidearekin bat eginaz.
e.- Arrikrutz. Arrikrutzeko baserri-multzoa alde batera utzi eta gorantz Arantzazuko galtzadari helduko diogu. Apur bat igo ondoren, Kortakogaineko bidegurutzean izango gara. Galtzada zaharra jarraituz, Kortakogain eta Gesaltza baserrien artetik Soroandietaraino; baserri honetatik aurrera Zapiarbe gainditu eta Zelaizabal jatetxea baino zerbait gorago errepide nagusia gurutzatuko da.
Errepidez bestaldetik gora jarraitu eta berehala Santo Kristoaren ermita begiztatuko dugu, ordoren Arantzazuko Santutegira ailegatzeko.
Interesguneak
Bedoña elizatea
Hemendik Udalatx, Anboto eta Aloña aldeko bista dotoreak ikusten dira. Erdigunean, Santa Eulalia parrokian, leiho erromanikoa eta barnealdeko zurezko gangadurak nabarmendu daitezke. Alboan, berriz, Mendibitzu baserrian jaio zen Juan Arana Ezpeleta, “Loramendi”, olerkari lirikoaren oroitarria dago.
Larrino elizatea
Urkulu urtegiaren goialdean dago. Hamasei baserri ditu eta elizate honen erdigunean San Kristobal parrokia dago. Hiru aldare ditu, erdian San Kristobalena. Aipatzekoa da sakristian dagoen Errosarioko Amaren irudia. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi kokapena eta inguruko paisaia; Urkulu urtegia eta Kurtzebarri, Udalatx, Hiruhaitz, Orkatzategi, Aloña.
Urkulu urtegia
Aizkorri-Aratz Parke Naturalean kokatuta dagoen urtegi honek paisai ederrak eskaintzen ditu. Kirol desberdinak, nahiz oinez ibilaldiak egiteko, jende asko hurbiltzen da bertara. Azken urteetan hegaztien naturgune paregabea bihurtu da, Gipuzkoako garrantzitsuenetarikoa.
Urruxola elizatea
Garaikua baserrian bainuetxea egon zen XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX.aren hasieran. Baserri atzeko iturriak isurtzen dituen uretsak aprobetxatuz. Oraindik ikusi ditzakegu jarduera haren aztarnak. Urruxolako Andre Mariaren parrokiak zurezko gangadura dauka sapaian, eta horretaz gain, irudi, margolan eta bestelako elementu aipagarriak ere baditu.
Arrikrutz
Galtzada zaharren arteko bidegurutzea, bertan baserri-multzo historikoa eta benta-lekua daude. Gainera Arrikrutz-Oñatiko koba ikusgarrien sarrera eta harrera-etxea daude.
Arantzazuko Santutegia
Gipuzkoako gune espiritual garrantzitsuena bihurtu den Arantzazuko Santutegia, euskal arte garaikidearen adierazgarririk esanguratsuena da. Sainz de Oiza eta Laorgak eraikitako basilikaren fatxadan Jorge Oteizaren Pietateren irudia goian eta behealdean apostoluak daude. Sarreran Txillidaren ate paregabeek emango digute ongietorria eta barnealdean, Lucio Muñozen erretaula eta Xabier Alvarez de Eulateren beirate ikusgarriek txundituko gaituzte. Ikustekoak dira, baita ere, kriptan aurkituko dugun Nestor Basterretxearen margolan koloretsua.
Informazio praktikoa
Distantzia: 16,8 km
Malda: +972/-467 m
Hasiera: Etxaluze residentzia
Iraupena: 5 ordu eta 50 min
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu ditugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak