- Herrian
- Antzuola
Uzarraga - Galartza - Lizarraga - Irimoegi Goena, Auzoetatik PR-GI 98
Paisaia ederrez eta naturaz gozatzeaz gain, ibilbide honek Antzuolako nekazal auzoetan sakabanatuta dauden baserriak ezagutzeko aukera ematen digu.
Ibilbidea Antzuolan hasten da, Bergara aldeko irteeraren inguruan, Uzarraga auzoko (GI-3112) errepidea hatuta, Etxezuri baserriaren alboan hasten da.
- Uzarraga auzoa: Errepide hau jarraituz, Arizmendi eta Iturriotz baserriak ezkerraldean utziko ditugu. San Juan Bataiatzailearen elizara ailegatuko gara. Heldu baino lehen, Iturriotz baserriaren ondoan, 1971ko otsailean desagertu zen “Ferrocarriles Vascongados” trenbidearen zubia dago eta antzinako trenbidearen aztarnak ikusten dira.
- Galartza auzoa: San Juan elizatik gora doan asfaltatutako pistatik jarraituko dugu eta lehen bidegurutzean eskuinaldeko pista hartu, Arrasate baserria ikusi arte. Bidegurutze honetan aurrera jarraituta, ezkerraldean Santa Ageda ermita dago. Arrasate baserriaren alboko pinudia zeharkatuko dugu eta antzinako Eliz bidea jarraituz Aranguren baserriarekin topo egingo dugu. Jadanik Lizarraga auzoan gaude.
- Lizarraga auzoa: Segi aurrera asfaltatutako bidetik eta San Martzial ermitaren alboan dagoen Iturbe baserriaren inguruko lurrezko pista hartu. Akiñabeiko errotaren albotik pasatu ondoren asfaltatutako bidea ikusiko dugu. Jarraitu aurrera eta berriz, lurrezko pista hartu. Berehala, pinudi, harizti eta pagadien artetik, tartean Ogeiturriko erreka zeharkatuz, errepidea dago, Irimoegi goena auzora ailegatuko dena.
- Irimoegi goena auzoa: 100m egingo ditugu errepidean behera eta bigarren bidegurutzean eskuinekoa hartuko dugu. Puntu honetara iritsi aurretik, Kaxeta etxe ondoan “Ferrocarriles Vascongados” trenbide zaharra zihoan bidea ikusiko dugu. Lurrezko bide hau jarraituta Aitzaga baserriaren aldamenetik, berriz errepidera itzuliko gara. Hemendik, Antzuola herriko panoramika dotorea ikus daiteke. Amaitzeko, errepidea jarraituko dugu herriraino, Antigua auzoraino, hain zuzen ere.
Interesguneak
- Uzarraga auzoa: Herriko bigarren parrokia dugu San Juan Bataiatzailearena. Bere jatorriaz era guztietako iritziak daude: aipagarrienen artean, ustezko jatorri tenplarioa duela dioena. Edozein kasutan, bere lehen aztarnak XIII-XIV. mendeetan azaltzen dira. Uzarraga auzoa 18 baserrik osatzen dute.
- Galartza auzoa: Galartza auzoan 17 baserri eta Santa Ageda ermita daude. Ermita San Llorente izenez ere ezagutzen da. Egun, otsailaren 5ean ogia eta haziak bedeinkatzen dira.
- Lizarraga auzoa: Lizarraga auzoa 19 baserrik osatzen dute eta San Martzial da auzo honetako zaindaria. Jaia ekainaren 30ean ospatzen dute auzotarrek gerturatzen diren lagun guztiekin. Kofradeek, San Martzial egunean, “Kofradeen pitxarra” bitxia gordetzen dute. Errota ugari zegoen garai batean ingurune honetan.
- Irimoegi goena auzoa: Irimoegi Goena auzoan 18 baserri daude bi zatitan bereiztuta: bata herrigunera begira dauden baserriek osatuko lukete eta bestea Aizpurutxorantz begira daudenak.
- Antzuola: Hirigunean herriko plaza, XVIII. mendeko multzo barrokoa, Errukizko Amaren parrokia eta La Antigua ermitaren ingurua azpimarratu behar dira.
Informazio praktikoa
Distantzia: 9,48 km
Malda: +602/-613 m
Hasiera: Uzarragako errepidea
Iraupena: 3 ordu eta 42 min
Ibilbidea kml formatuan
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu ditugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak