- Herrian
- Antzuola
Antzuola monumentala
Antzuola sortu baino askoz lehenago, Gipuzkoako zaharrenetakotzat jotzen dena Uzarragako San Joan eliza zegoen, bere inguruan zaldun tenplarioekin ahaidetzen duen elezahar herrikoi bat existitzen delarik. Hala eta guztiz, zonalde horretan izandako lur-desplazamenduen ondorioz, tenpluaren egungo berreraikuntza ez dator bat jatorrizko kokalekuarekin, hilerri bihurtu dena.
Gaur egungo Antzuolako herrigunearen historia, ordea, Deskargako mendatearen ohiko altuerak baino atseginagoak diren ibarraren behealdeko Olalde izeneko —jada erabiltzen ez den toponimoa— lurretan bertakotzeko biztanle berrien joerari estuki lotuta dago Bertan hasi ziren, hain zuzen ere, hainbat gremio finkatzen, horien artean larruaren eta hariaren artisauak nabarmentzen zirelarik. Haien inguruan eraikiarazi ziren Magdalenari eskainia zegoen galdutako ospitalea 1489an eta Errukizko Amaren izenpeko Eliza, Tripoliko gotzainak sagaratua 1525ean. Herriko enparantza nagusia denak aurkezten duen oraingo itxura baina, bestelakoa da erabat. Parrokiak hainbat esku-hartze jasan ditu denboran zehar, nabarienak XVIII. mendeko gangak eta elizpea edota XIX.eko kanpandorrea direlarik. Ospitalea zenaren ordez, Miguel de Salazan urretxuarrak proiektatutako Udaletxe barroko eder bat topatuko dugu. Inpostez banandutako hiru gorputzek osatzen duten harlanduzko fatxadan, bost baoko —horietako bi itsuak— arkuteriari balkoi luzanga gainjartzen zaio, eta honi herriko armarri monumentala erdi-erdian.
Bergararen menpe luzaroan bizi izanaren arrastoa argi eta garbi ikus daiteke Antzuolako blasoi berantiarrean, zeinak Gipuzkoakoa eredutzat hartu baitzuen bere goiko laurdenentzat: tronuan eseritako erregea, Belateko guduan frantsesei harrapatutako hamabi kanoiak eta erromatarren esku erori baino lehen barduliarrek beren buruaz beste egiteko baliatzen zituzten hiru haginak. Baina probintziak monarka ezezagun bat agurtzen bazuen ere, antzuolarrek Valdejunqueran Abderraman III.aren tropen morrontza jasan zutenekoa gogoratu nahi izan zuten, erregea urrezko kate batekin lepotik lotuz, haien porrot militarra ikonografikoki leuntzeko ariketa gezurtian datzana. Gertakari hau uztailero antzezten da Mairuaren Alarde ospetsuarekin, zeina herriko jaien ospakizunetako ekitaldi nagusian bilakatu baiten. Armarriaren behealdeko laurdenek aldiz, eukaristia eta Andre Mariarenganako tokiko debozio indartsuez hitz egiten digute, kaliza ostiarekin eta Ama Birjinaren agurrari dagozkion inizial koroatuen bitartez.
Plazaren alde banatan, ibaiaren ibilguari jarraituz, tradiziozko arkitektura ereduez jositako kale pintoreskoak hedatzen dira: Kalebarren mendebalderantz eta Kalegoien —Buztinzuri tarteko— ekialderantz. Azken honen buruan kokatzen da, azkenik, Antigua auzoa, bere izena ematen dien behinolako baseliza eta errotaren inguruan eraikia. Parean, XVIII. mendeko Kalbarioko hiru gurutze daude, Pasioaren ikurrekin — iltzeak, kurrikak, lantzak, zurubia edo arantzazko koroa, esaterako— zizelkatuta, non ohiturak dioskunez umeek oinez ibiltzen ikasten baitzuten.
Informazio praktikoa
Helbidea
Nafarroa etorbidea, 17. Arrasate (Gipuzkoa)
Kontaktua
infoturismo@debagoiena.eus
Telefonoa
943 79 64 63Ordutegia
Astelehena: 8:00–14:00
Asteartea: 8:00–14:00
Asteazkena: 8:00–14:00
Osteguna: 8:00–14:00
Ostirala: 8:00–14:00
Larunbata: Itxita
Igandea: Itxita
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu digugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak