- Ondarea
- Aretxabaleta
Uretsen Bidea SL-GI 37
Deskribapena
- Otalora bainuetxeko uretsa: Anbulatorio ondotik igarota aurkituko dugu, Deba ibaiaren ondoan. Hori, bainuetxetik geratzen den arrasto bakarrenetarikoa da. Egun ez du ur jariorik. Ibilbide guztian zehar marra berde eta zuriek gidatuko gaituzte.
- Ibarrako uretsa: Herriko plaza zeharkatu eta Eskoriatzarantz doan bidegorria jarraituko dugu Urkuluko oinezko sarbidera iritsi arte. Alboan, sufrezko iturria dago garai bateko Bainu Zaharren oroigarri gisa. Ur hauek gaitz batzuk sendatzeko erabili ziren eta oraindik ere oso ur estimatuak ditugu.
- Bainuetxeko Garbilekua: Gorantz lantegi artetik doan errepidea jarraitu eta eskuinerantz doan pistatik gora egingo dugu. Pistatik 20 metrora eta eskuinera, lizar bakar batzuek harrera egiten diote Bainuetxetik geratzen den arrasto bakarrenetariko horri.
- Iturriondo parkea: Hareazko pistatik gorantz eginez, parke horri harrera egiten dion panela aurkituko dugu. Zuhaitz eta zuhaixka espezie ezberdinez osaturiko parkean zehar murgilduko gara. Hemendik irtetean, aurrez aurre Kurtzebarri, eta ezkerrean Orkatzategi, Amezkueta eta Iruatxeta mendiak bistan ditugu. Berehala, harrizko uhaska batekin egingo dugu topo.
- Mendiolako elizatea: Hareazko pista bukatzean, Arientzako Bolinaga auzorantz doan errepidea hartuko dugu eta 400 metrora, Arantzasarrri baserria ezkerrean utzita, eskuinerantz doan herribidetik gora egingo dugu, ziburua gaindituz. Bertan, Udalaitz, Muru, Anboto, Orixol, Apotza, Untzila, Kurtzebarri eta Atxorrotzeko ikuspegi ederra izango dugu. Ibilbidea jarraituz, Mendiola elizateko Olabena baserria ondora iritsiko gara.
- Mendiolako iturria: Elizbidea jarraituz San Joan Bataiatzailearen elizara iritsiko gara. Elixakoa baserriaren parean mineral ugariko iturri hori aurkituko dugu. Eskuin aldean, elizateko kanposantua.
- Bertako basoa: Errepidea utziz eta burdinazko langa gaindituz, goranzko larreen arteko bidezidorretatik zehar, mandobidera iritsiko gara. Ezkerrerantz jarraituz, bertako zuhaitzez osaturiko basoan sartuko gara.
- Altziniturri: 400 metro egin ondoren, mandobidea utzi eta beheranzko baso-pista jarraituko dugu. Kilometro erdira, beste bidegurutze batean zuzen jarraitu egurrezko hesia ikusi arte. Hesia pasatu eta gaztainondoetatik gertu, errekastoaren beste aldean, Arientza elizateko Altziniturri uretsa aurkituko dugu. Analizatu gabeko urak dira baina bere usain eta zaporean erraz antzematen da bere nortasun sufretsua.
- Areantzako bide zaharra: Altziniturritik irten eta beherantz, Intxaurbe baserri albotik igaroko gara. Ezker aldean, Iturrikoroma iturria eta eskuinerantz joanda, Areantzako Natibitate eliza eta Kanpai eskola. 150 metrora, eskuinean dagoen bide zaharretik, Matxiniturrira ailegatuko gara.
- Areantzako abeletxea: Bainuetxeko bidetik jaitsi eta 400 metrora, hareazko bidezidorra hartu eta Arientzako errepidera helduko gara. Inguru honetan esne behien jarduera garrantzitsua dago. Nekazari horiei esker Urkuluko paisaia eder mantentzen da.
- Bolinaga auzoa: Areantzako nekazal etxe eta baserri arteko errepidea beherantz jarraituz helduko gara. Aipatzekoa da bertan dagoen Bolinagako errota baserria. Oraindik ere ubidea ikusten da baserriaren beheko aldean. Ondoan harrizko uhaska bere iturriarekin. Puntu honetatik aurrera bide bera jarraituz, ibilbide hasierara helduko gara.
Informazio praktikoa
Distantzia: 10,4 km
Malda: +383/-383 m
Hasiera: Otalora Bainuetxeko iturria
Iraupena: 2 ordu eta 52 minutu
Ibilbidea kml formatuan
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu ditugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak