Skip to Content

Udala - Besaide PR-GI96

udala-besaide-01
udala-besaide-02
udala-besaide-03

Udala eta Besaide bi bide ezberdinez batzen ditu ibilbide honek, beti ere, Udalatxeko maldetan dagoen artadi aberatsari garrantzia emanez.

Udalako erdigunera eta San Esteban elizara daraman bidean dagoen bihurgunean abiatzen den lurrezko bidea da ibilbide honen abiapuntua. Bide honetan, lehen bidegurutzera iritsi baino lehen, Iñusteiko garbitokia zegoen. Bidegurutzera heldu eta gorantz joko dugu, antzinako “Goiko biretik”. Pare bat bihurgune igaro ondoren, bidearen eskuinaldera Neberako iturri naturala dago. Poliki-poliki gorantz igoaz beste bidegurutze batetaraino helduko gara. Handik, eskuinera jarraituz gero, elurtegi edo neberaraino iritsi daiteke. Hala ere, ibilbideak zuzen jarraitzen du.

  1. Gazeagako karobia: Artadi bat igaro ondoren, pinudi batetara iritsiko gara; bertan aurkituko ditugu Gazeagako karobiak.
  2. Artetako txabola: Txabola hau igaro ondoren, ibilbidearen zoruan harriak eta lurra tartekatzen dira.

Besaide: Jaitsiera labur bat egin ostean pista zabal batetaraino iritsiko gara. Hantxe, Elorriora edo Kanpazarrera hartu badaiteke ere, guk Besaideko iturrirantz joko dugu. Hemendik, nahi izanez gero, Besaideko kanpairaino jo daiteke.
Besaideko iturritik pasatuz, bidexka hartu eta pinu artetik doan “Beheko birie” jarraituko dugu. Igoera eta jaitsiera batzuen ostean, Iñustei inguruan “Beheko biriek” “Goiko biriarekin” bat egiten du, zuzenean San Esteban elizaren ingurura helduz.

Interesguneak
  1. Udala auzoa: Udalatx mendiaren magalean dagoen auzo honetan San Esteban eliza dago. Haren sabaia Juan Bautista de Salturri hargin maisuak eraiki zuen 1609an eta aldare nagusia, berriz, Antonio Antiak eta Manuel Olaranek 1763an. Aurrealde erromanikoa du. Bertako jaiak abuztuaren hasieran ospatzen dira.
  2. Neberako iturria: Txukurrillo baserrira daraman bidearen azpian zapore oneko iturria hau dago.
  3. Nebera edo elurtegia: Orain dela 500 urte lurrean zulatutako putzua kareharriz eta hareharriz inguratuta dago beheraino. Bertatik ateratzen ziren izotz zatiekin izozkiak eta sorbeteak egiten ziren. Edariak hozteko eta meningitisa bezalako gaitzak sendatzeko ere erabiltzen zen.
  4. Gazeagako karobia: Multzoa hiru karobik eta jausitako txabola batek osatzen dute. Karobietan, beroaren bitartez, kareharria kare bilakatzen da. Leku babestuetan kokatzen ziren, bideren baten ondoan. Lana, apirilean eta abuztuan egiten zen, batik bat, garia erein ostean eta uzta jaso ondoren.
  5. Besaideko kanpaia : Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren tokian eraiki zen monumentua hildako mendizaleen oroipenean. Egun, iraileko hirugarren igandean urtean hil diren mendizaleen oroitzapen ekitaldia antolatzen da bertan.
  6. Besaideko iturria: Iturri eder honek ur fresko eta goxoa ematen du. Inguruan zuhaizpetan jartzeko toki zoragarri ugari aurkitu daitezke.
Back to Top