- Ondarea
- Arrasate
Erregebide - Bedoña PR-GI 91
Ibilbide hau Zaldibar ingurutik Erregebidea hartuz Oñatiko Zubillaga auzorantz doa, handik Urkuluko bidea jarraitu eta Bedoña azpialdera. Bedoñara igo eta San Andres auzora heltzen da.
Ibilbidea, Debagoieneko Ospitalearen ostetik eta Etxezuri etxetik gorantz doan bidetik hasten da, Antzarigartura iristeko hartzen den asfaltaturiko bidetik, alegia. Hasiera batean, aldapa nahiko gogorra suertatu daitekeen arren, poliki-poliki eta igotzen goazen heinean malda leuntzen doa. Behin saihesbide azpitik pasatu eta gero, eta malda gogorra igo ostean, ezkerretara hartzen da. Handik, bidegurutze bateraino iritsiko gara, non asfaltaturiko bidea utzi eta hartxintxarrezko bide bat jarraituko dugun.
- Bedoña auzoa: Orain arte igotakoa, Erregebidearen zati bat besterik ez da. Erregebidea muino bateraino doa, hots, Azuelako gainera. Han bidegurutze bat dago eta bidegurutze horrek Bedoña, Zaldibar, Zubillaga eta Bakueko mendietara joateko bideak banatzen ditu. Hala ere, ibilbideak beherantz hartzen du pista zabal batetik Zubillaga ingururantz. Bide ertzean metal ura ematen duten pare bat iturri daude.
- Erregebidearen zubia: Nahiko jaitsiera luzea burutu ondoren zelai zabal baten ondoan, ezkerrera hartzen da, errekaren uren norabidea jarraituz. Amaieran, Erregebidearen aztarna bakarra dago, hau da, zubi txiki bat, harlanduz egina. Zubia pasatu eta gero, eskuinera jo eta errepide batetik bidegurutze garrantzitsu batera iristen gara. Inguru horri Zubibarri deritzo.
- Andra Mari Zuriaren ermita: Aipaturiko bidegurutzetik banandu eta porlanezko bide batetik joko dugu, Andra Mari Zuriaren baserri-ermitatik pasatuz. Ondoren, eskuinera irteten den lehenengo bidea hartu, horrela, erreka-barrenetako bailara estu eta ederrean barrena sartzen gara. Bidea, mendi-hegaletik doa, pinu eta zuhaitz hostozabalen artetik. Bideak, Bedoña auzoko bailara azpira eramaten gaitu.
- Santa Eulalia eliza: Handik, ibilaldiak zuzen jarraitzen du, beti ere, Bedoña goialdean gelditzen delarik. Bidearen ertzean uretsa ematen duten iturriak daude. Zuzen zuzen bidea jarraituz Mendibitzu azpira helduko gara. Hala ere, igoera ez da han amaitzen, nahiz eta bidearen zorua aldatu, aurrera jarraitu Santa Eulalia eliza arte.
- San Andres auzoa: Handik, ezkerrerantz egiten du bideak eta PR-Gi 106arekin batera aurrera egiten du. Sologaizto baserria baino metro batzuk aurrerago eskuinetara dagoen bidea hartu eta aldapan behera San Andres auzoan amaitzen da ibilbidea.
Interesguneak
- Arrasateko Erdi aroko gunea: XIII.mendean sortuta, Erdi Aroko gunearen hiri egitura gordetzen du. Hiru kaletan antolatuta dago eta, herriko sarrerako hiru ate mantentzen ditu. Barnealdean, interesgarriak diren hainbat eraikuntza daude, hauen artean Udaletxea eta San Juan Bataiatzailearen parrokia.
- Andra Mari Zuriaren ermita: Antza denez, inguruetako eliza zaharrenaren ospea zuen eta bailarako hainbat biztanle joaten ziren hara jai egun eta igandetan meza entzutera. Horrez gain, San Andres baselizarekin nahiko harreman estua zuen eta urtero Andra Mari Zuriaren irudia eramanez, prozesioan, San Joseperaino joaten ziren. Badirudi bertako Andra Mariaren irudia Arabako lautadatik ekarritakoa dela, Gasteiztik, alegia.
Bedoñako bizilagunek, oraindik ere, gogoan dute nola kontatzen zieten aitona-amonek urte asko dela, oraingo Andra Mari Zuri baserrian parrokoa bizi zela eta ermita barruan lurperatzen zirela hildakoak. Haiek esanda, ez omen zen meza hasten Bolibarko baserri urrun bateko amona zahar bat iristen zen arte.
Antzina, abuztuak 5ean erromeri famatu bat ospatzen zen eta bertara, Bedoñako baserrietako ordezkari bakoitzak, eskuetan kandela bat eramaten zuen, Amabirjinaren irudiari eskaintzeko. Lehortaldietan Andra Mari Zurian errogatibak egiten ziren. - Mendibitzu baserria: Baserri honetan Juan Arana Ezpeleta jaio zen (Bedoñako Fray Joaquín). Euskarazko olerkari lirikoa izan zen eta hil zen urtean “Euskaltzaleak”eko lehen olerki saria jaso zuen. Makina bat poesia lan idatzi zituen, beti ere, “Loramendi” gaitzizenez. Bere lehen meza eman baino egun batzuk lehenago hil zen.
- Santa Eulalia eliza: Estilo errenazentistako eliza honetan leihoetan elementu erromanikoak antzematen dira mendebaldeko fatxadan. Abenduaren 10ean ospatzen da Santa Eulalia eguna.
- Zabale baserria: Baserri honetan inguruko Udaletxea izan zela esaten da; batzargela, liburuen artxiboa, zin egiteko aldarea… zituen. Antza denez, bi sarrera ere bazituen, bata jauntxoentzat edo nagusientzat eta bestea zerbitzarientzat. Badirudi kartzela ere bazegoela. Bertan bizi ziren amonek ziotenez, hantxe Amabirjinari paperezko jantziak egiten zizkioten eta haiekin gero apaindu. Garai hartan panpinik ez eta irudia erabiltzen zuten modelo gisa. Beharbada, Bedoñari egokitu zitzaion Leintz bailarako Alkatetzaren txanda eta horrexegatik izan zen Udaletxe.
Informazio praktikoa
Distantzia: 11,0 km
Malda: +603/-603 m
Hasiera: Zaldibar gunea
Iraupena: 3 ordu eta 35 min.
Ibilbidea kml formatuan
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu digugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak