- Ondarea
- Elgeta
Elgeta monumentala
Bizkaiko mugan lekututa, Bergara eta Elorrio lotzen ditu Elgetak. Alfontso XI.ak 1335ean emandako hiri-gutunaren arabera, Maia izen adierazgarriarekin ezagutzen ziren goiuneko zelai estrategikoetan altxatzen zen ertaroko hiribildua. Egun San Roke deritzon luzetarako kalearen bueltan egituratzen zen jatorrian bere hesitutako planta sinplea, poliki-poliki Ubera, Angiozar eta Kanpanzarreko bideen inguruan hazten joan zena. Dena den, azken gerrate zibilean jasandako zaurien ondorioz ageriko eraldaketa jasan zuen pasa den mendean, bortizki erasotua eta bonbardatua suertatu baitzen.
Zutik dirauen ondare arkitektonikoaren artean, Jasokundeko Andra Mariaren Eliza aurkituko dugu. Aspaldiko tenplua dela aditzera ematen digute murruaren behealdean zabaltzen diren zenbait ojiba-leihoek, nahiz eta bere handitze lan nabarienak XVI eta XVII mendeetan zehar gauzatu. Barrualdean, gainera, Ochoa Donor-d-Olaegui Enrike IV.a «erregearen zaindari eta basailu» eta Martin Saez de Ibarra inkisidore apostolikoa ehortzirik dautzan hilobi parea —gotiko eta errenazentista hurrenez hurren— azpimarratzekoak dira benetan, baita azken honek dohaintzan utzitako Santiagoren erretaula liraina ere, estilo erromanista nabarmenekoa.
Ezaugarri artistiko onenak dituen eraikin zibila bestalde, Abridio etxea dugu, Torrekua edo Urrupain dorrea izenez ere ezagutzen dena. Bergaratik herrirako sarbidearen ertzean kokatzen da eta harlanduzko fatxada errenazentista bikaina erakusten du. Alde banatan pilastra korintoar pare batez babestutako ate dinteldu zentratua nagusitzen da bertan, haren gainean eraikuntza-datarekin batera (1564) armarria eta Kristoren eta Mariaren anagramak dituzten bi tondo ageri direlarik.
Arestian aipatu bezala, 1936ko gudaren ondorio guztiz lazgarriak izan ziren Elgetarentzat, bai heriotzen aldetik batia herriaren eragin suntsitzaileengatik ere. Asentzioko bidegurutzean, Juan José Arangurenek korten altzairuz egindako «Intxortako atea» eskultura jarri zen 2007an, zeinak frontearen muga geografikoa seinalatzeaz gain, zazpi hilabetez tropa frankisten setioari aurre egin zioten miliziano eta gudariei gorazarre egin nahi baitie. Gerraosteko berreraikitze lanen fruitu dira Diputazioaren etxearen egungo tankera, arku neoklasiko baten forman Elorriorako hemeretzigarren mendeko errepidearen igarobide dena, eta Udaletxea bera ere, azken hau borrokaldiko presoen bortxazko lanaren bidez altxatua.
Kulturari dagokionean, aparteko aipamena merezi dute hemen izandako bi gertakari garrantzitsuk. Alde batetik, 1924an Euskal Herriko Mendizale Federazioaren sorrerak estuki lotu zuen Elgeta euskal alpinismoaren historiara. Bestetik, Pablo Urangaren omenezko ekitaldia 1945eko urrian, zeinean bere lagun Paco Durriok urte batzuk lehenago zizelkatutako margolariaren erretratua duen brontzezko medailoia jarri baitzen San Rokeko iturrian. Ospakizunera handik eta egun gutxira hil zen Ignacio Zuloaga artista ere bertaratu zen, bere beste lagun mina eta herriarekin bizipen-lotura zuzena zuenak.
Labur esanda, gure eskualdeko harribitxi turistikoetako bat dugu Elgeta. Hurbil zaitez honek eskaintzen digun ondare historiko-artistikoa ezagutzera, ez zara damutuko eta.
Informazio praktikoa
Helbidea
Nafarroa etorbidea 17, 20500 Arrasate (Gipuzkoa)
Kokapena
Kontaktua
infoturismo@debagoiena.eus
Telefonoa
943 79 64 63Webgunea
http://www.elgetamemoria.eusAstelehena: 8:00–13:00
Asteartea: 8:00–13:00
Asteazkena: 8:00–13:00
Osteguna: 8:00–13:00
Ostirala: 8:00–13:00
Larunbata: Itxita
Igandea: Itxita
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu digugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak