- Ondarea
- Bergara
Bergarako Gerriko Berdearen Bira SL-GI 38
Gerriko Berdearen ibilbidea izanik, Bergarako hirigunea inguratzen du birak, aisialdirako espazioak lotuz eta natura kontserbatzeko eremuak zeharkatuz. Oro har, Bergara inguruko paisaiaz, landarediaz, faunaz eta balio historiko artistiko handiko elementuez gozatzeko aukera izango dugu ibilbidean zehar. Hiribilduaren eta Deba bailararen ikuspegi ederrak ere izango ditugu.
Ibilbidea
Ibilbidearen abiapuntu bezala Agorrosingo ekintza gunea proposatzen dugu, baina bira honek hainbat sarbide eta irtenbide ditu. Agorrosingo sarrera parean, abiapuntua erakutsi eta ibilbidearen nondik norakoak azaltzen dituen panela dago. Boni Laskurain ibilbidea egin ondoren, Goiauzorantz abiatzen da bidea, San Martzial ermitaraino. Zatirik aldapatsuena da hau. Bidean aipagarriak dira Askatsuko iturria eta bere inguruetan kontserbatzen den hariztia. San Martzial baselizaren inguruan atseden lekua eta natura zein lekuko tradizioak ezagutzeko baliabideak aurkituko ditugu.
Aurrera eginez, baserrien artean, ibilbideak Surragako gurutzera eramango gaitu, ikuspegi panoramiko bikaina eskaintzen digun lekua hau. Jaitsieran, gure bidetik 200 metrora dagoen Agirreko garaia ikusi ostean, Gabiria dorrera joan eta San Antonio auzora iritsiko gara. San Antoniotik “Ferrocarriles Vascongados” trenbideak utzitako bidera igoko gara, ibilbidearen bigarren zatiari ekiteko. Bide eroso eta laua da, eskualdeko paisaien eta herriko kasko historikoaren ikuspegi ederrak gozatzeko aukera ematen duena. Aipagarria da baita ere Ugasarri ingurutik kaleraino iristen den basoa. Trenaren geltokia egondako lekura iristean, Moiua jauregirantz jaitsi eta herrira sartuko gara, ibilbidea Agorrosinen amaitzeko. Agorrosin ekintza guneak taberna-jatetxea, igerilekua eta bainu-etxea eskaintzen dizkigu, gure aisialdi eguna borobiltzeko. Ibilbide guztia ongi seinaleztatuta aurkituko dugu.
Informazio praktikoa
Helbidea
Agorrosin gunea, Bergara
Webgunea
https://www.gipuzkoanatura.eus/eu/sarea/-/ibilbide/SL-Gi_38Distantzia: 9,225 km
Malda: +275/-275 m
Hasiera: Agorrosin gunea
Iraupena: 1 ordu eta 44 min.
Ibilbidea kml formatuan
MIDE
Inguruan
Leku honetatik gertu, beste hauek ere aurkitu ditugu. Osatu zure plana hauekin ere!!
Ez utzi egin gabe
Bisita egin ostean zure memorian iraungo dutenak