Skip to Content

Bergara monumentala

bergara-monumentala-01
bergara-monumentala-02
bergara-monumentala-03

Bergarako hirigune historikoa zeharkatzerakoan hiru kale paralelo nagusiz osatutako Erdi Aroko hiri-egituraren aztarnak antzemango ditugu berehala, hots: Goenkale, Artekale —Erret bidearen igarobide zena— eta Barrenkale, hurrenez hurren. Horietatik lehenengoko 3. zenbakiari dagokio, hain zuzen ere, guregana heldu den Ertaro amaierako arkitektura zibilaren testigantza bakarra, karez eta harriz altxatua izan zen neurrian.

 Hiribildua osatzen duten etxe eta eraikinak baina, garai desberdinetan gehitzen joan zaizkien elementu arkitektoniko eta ornamentalez josita daude, historiaren bilakaerarekin batera. Zentzu horretan, XVI. mendeko loraldi konstruktiboari aipamen berezia egitea ezinbesteko dugu. Behin bandoen gerrak atzean lagata eta bake aroari erantzunez, jauntxoen dorretxeei goiko aldea moztu zitzaien, aldez aurretik zuten izaera defentsibo nabarmena galduz —nahiz eta zenbait elementu militar ohiko mantendu, ertzetako garitoiak kasu— eta bao handiagoak zabaldu zitzaizkien haien pareta sendoetan. Horren adibide dira Ondartza, Olaso, Gabiria edota Ozaeta dorreak. Hobekuntza ekonomiko eta sozialek lagundu zuten altxaera berriko jauregi zein etxeen zaharberritzean, oso presente izan zen gustu errenazentista: leiho, balkoi zein atariak  eredu estetiko aldaketei egokituz, forma artistiko eta motibo dekoratibo eraberrituez bete ziren. Joera honen erakusgarri dira Jauregi, Azkarate-Marutegi, Arrese eta Aroztegi edota Artekaleko 15. zenbakidun etxeak. Pedro de Ibarra maisuaren lana den Egino-Mallea jauregiko fatxadak, halaber, mende bukaerakoa izaki, manierismoranzko joera erakusten digu.

Hala eta guztiz ere, ezin da XVII eta XVIII. mendeen zentraltasuna ukatu Bergararen historian, herriko enparantzan nagusiaren —San Martin Agirre plazaren— bi aldeetara begirada azkar bat bota ondoren. Bertan kokatzen dira parez pare Lucas de Longa arkitektoaren Udaletxe barrokoa eta Errege Seminarioa. Jesuiten ikastetxean jatorria badu ere, Peñafloridako konde Frantzisko Xabier Munibek Azkoitiko Zalduntxoekin batera ilustrazioaren ideiak zabaldu guran sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkartean sustapenari lotzen da azken hau. Bertako laborategietan lortu zuten Elhuyar anaiek wolframioa isolatzea 1783an, elementu kimiko berri horren aurkikuntza berarekin ekarriz. Eraikinaren egungo itxura ordea, Mariano Jose de Laskurain arkitekto neoklasikoaren esku-hartzearen ondorio da.

XIX. mendean ere berebiziko garrantzia izan zuen udalerriak, Lehen Gerrate Karlistarekin bukatu zuten Bergarako Hitzarmena eta Besarkada delakoek aditzera ematen digutenez. Irizar jauregian bildu ziren 1839ko abuztuaren 31n Rafael Maroto buruzagi karlista eta Baldomero Espartero jeneral liberala bakea sinatu eta eszenifikatzeko helburuarekin, tropen aurrean elkar besarkatuz. Mende honi azken gainbegiratua  emate aldera, ezin ditugu aipatu barik utzi Justiziaren alegoria neoklasikoak koroatzen duen eraikin-multzoa —epaitegiaz gain, eskolak eta kartzela barne hartzen zituena— edota izpiritu erromantikoaren eraginpean berreraikitako Errekalde Jauregia.

Ondare erlijiosoari dagokionean, nabarmentzekoak dira, alde batetik, Ariznoako San Pedro parrokiako plateresko estiloko erretaula nagusia zein Juan de Mesa Sevillako eskola barrokoko irudigileak egindako Santu Kristo Hilzorikoaren tailu magistrala, eta bestetik, Orixondoko Santa Maria elizako oskol formako erretaula, Migel Irazusta arkitektoaren eta Luis Salvador Carmona eskultorearen arteko elkarlanaren emaitza dena.

Bergarak eskaintzen digun ondarea borobiltzeko, bertako lorategi xarmagarriei erreferentzia egitea falta zaigu. Olaso dorrearen aldamenean herriko txokorik erakargarrienetako bat zabaltzen da, aparteko zuhaitz izendatutako magnoliak eta Seminarioa Jesuiten eskola zeneko fatxada janzten zuen lekualdatutako Jesusen Lagundiaren armarriak dotoretuta. Irizar jauregiko jardina txikia bada ere, oso preziatua da. Ignazio Urrita eta Juana Espilla senar-emazteek, jatorrizko ortuak lorategi errenazentista batean bihurtzeko erabakia hartu zuten garaiko moda jasoari jarraiki. Errekalde jauregi inguruko berdeguneari azkenik, zuhaitz-espezie exotikoek hornitutako  lorategi ingelesak eta ur sistema finduak ematen diote bere handitasuna. 

Labur esanda, gure eskualdeko harribitxi turistikoetako bat dugu Bergara. Hurbil zaitez honek eskaintzen digun ondare historiko-artistikoa ezagutzera, ez zara damutuko eta.

Back to Top