TXIKI Gatz Eguna 2026

Datorren maiatzaren 10ean, Gatz Eguna 2026 ospatuko da, gatzaren eta tokiko kulturaren
inguruko jarduera-programa oso batekin.


Debagoienak Gatz Egunaren edizio berri bat ospatuko du Leintz Gatzagan, gatzagintzaren tradizio
historikoa balioan jartzen duen eta Gipuzkoako turismo gastronomikoaren barruan hitzordu
garrantzitsu gisa sendotzen den eguna. Programazio zainduaren bidez, ekitaldiak tokiko produktua,
ondarea eta esperientziak lotzen ditu, eta bat egiten du benetako turismo-proposamen jasangarrien
eskaera gero eta handiagoarekin.


Nazioartean bere sukaldaritza bikainagatik ezaguna den lurralde honetan, Gatz Egunak elementu
bereizgarri bat eskaintzen du: Leintz Gatzagako gatza, nortasun-produktu gisa eta esperientzia
gastronomikoen ardatz. Azoka honek euskal sukaldaritzako funtsezko osagai bat ezagutzeko aukera
emateaz gain, haren jatorria, artisau-prozesua eta udalerriaren garapenarekin izan duen lotura
historikoa ulertzeko aukera ere eskaintzen du.


Goizena goiz hasita, 10:00etatik 14:00etara, herriko plazan gatzaren eta bertako produktuen azoka
egongo da, eta bisitariek eta herritarrek lurraldeari lotutako produktuak ezagutu eta erosi ahal
izango dituzte.


Egitaraua 10:00etan hasiko da, hainbat jarduerarekin, besteak beste, PR-Gi-37 Hiruerreketa
ibilbidetik mendi irteera batekin, Deba ibaiaren sorrera ezagutzeko, baita ongizatera eta
naturarekiko loturara bideratutako baso bainu esperientzia batekin ere. Jarduera hauetan parte
hartzeko izena eman beharra dago aldez aurretik.


11:00etatik aurrera, frontoian tailerrak eta jarduera ludikoak egingo dira, hala nola Leintz Gatzagako
gatzarekin xaboia egiteko tailerra, egurrezko jolas tradizionalak; plazan, Aretxabaletako tomate
landareak banatuko dira eta Gatz Museoan, bisita gidatuak ere eskainiko dira, euskaraz 11:00etan
eta gaztelaniaz 12:00etan.


Gastronomiak paper garrantzitsua izango du: "showcooking" bat egingo du 12:00etan Anne Otegik.
Bestalde, 12:30ean "(H) istorioak" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, musikaz laguntzen den
oihaletan egindako akrobazia proposamena.


Ingurua ezagutzen jarraitzeko, Leintz Gatzaga Herria ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira,
13:00etan euskaraz eta 13:30ean gaztelaniaz.


Ekitaldiari amaiera emateko, bazkari herrikoia egingo da 14:00etan, eta horretarako aldez aurretik
izena eman beharko da, eta ondoren, Erromintxelak taldeak kontzertua eskainiko du 15:30ean.
Bestalde, Azahara Domínguez diputatuak azpimarratu duenez, Gatz Eguna bezalako ekimenek
"Gipuzkoa sustatzea ez ezik, gure lurraldearen barrualdea ezagutzen ez dutenen jakin-mina piztea
ahalbidetzen digute", horrela "udako hilabeteetatik kanpo bisitari kopurua handitzen" lagunduz. Ildo
horretan, gogorarazi du Debagoienak 2025a aurreko urtean baino % 30 bisitari gehiagorekin itxi
zuela, eta hazkunde hori, batez ere, turismo gutxiko hilabeteetan gertatu zela.


Azahara Dominguezek hilaren 10ean Leintz Gatzagara hurbiltzeko gonbitea egin du, eta aurten ere
Lurraldebuseko zerbitzu bereziak egongo direla iragarri du, egun honetaz modu "eroso, seguru eta
jasangarrian" gozatu ahal izateko.


Gatz Eguna 2026 ezinbesteko hitzordua izango da Leintz Gatzagako historia, kultura eta aberastasun
naturala gertutik ezagutu nahi dutenentzat, jai eta parte-hartze giroan. Gatz Egunak udalerri txikiek
balio erantsi handiko proposamenak nola sor ditzaketen erakusten du, Gipuzkoako eskaintza
turistikoa dibertsifikatzen eta benetakotasunean, tokiko kulturan eta jatorrizko gastronomian
interesa duten bisitariak erakartzen lagunduz.