Oñatin, San Migel parrokian dagoen Pietatearen kaperako erretaula ikusgarria da. Granadako Errege Kantzilertako lehendakari eta gero Avilako gotzaina izandako Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarraren aginduz eraiki zen XVI. mendean.
Lehen errenazimenduko harri bitxi hau, San Migel elizako aldare nagusiaren alboan kokatuta dago, gotzainaren mausoleoa kokatzen den toki berean. Valladolideko Gaspar de Tordesillasen arte lan bikaina da eta bertan Jesusen Pasioa eta Mariaren bizitzaren pasarteak ikus daitezke.
Ez oso urruti, Sancti Spiritu Unibertsitateko kaperan, XVI. mendeko erdialdeko maisulana aurkitutko dugu: San Migel eta Espiritu Santuari eskainitako erretaula errenazentista. Pierres Picart farntziarrarena lanaren emaitza dela uste den erretaula honek egitura argia eta erregularra du. Erdiko kalean dauden irudiak dira apiarrienak, izan ere, jantzien tolesturak eta irudien mugimenduak dinamismo handia ematen diote multzoari eta estilo manieristara gerturatzen dela esan dezakegu.
Bidaurretako Monastegiko elizan ere lehen errenazimendu garaiko adibide interesgarria dago. Oñatiko Juan de Olazaranek eginda, hasieran aldare nagusian egoteko egin zen arren, 1533tik 1753ra hor egon zen, gero gurutzaduraren ezker aldean pasatu zuten.
Aipagarriena, artistaren trebetasuna predelako apostoluen irudietan atzematen da. Hiruko multzotan banatzen ditu, bakoitza bere sinboloarekin: San Pedrok, giltza; Santiagok, makulu eta erromes kapela; San Juanek, kaliza…
Hiribilduen sorreraren ondoren, XIV. mendea geroztik, Santiago Bide ofizialaz gain, beste bide alternatibo batzuk garrantzia hartuko dute. Santiagora zihoazten erromes batzuk gure eskualdea zeharkatuko dute, harrazoi horregatik, hain zuzen ere, Santiagoren inguruko hainbat aipamen aurki daitezke gurean.
Elgetako Jasokunde Amaren Parrokiako Santiagoren erretaula da horietako bat. Altarearen eskuin aldean kokatuta dagoen erretaula hau, sakristiaren ondoan, Migel Llorentek egin zuen 1564an. Tamaina aldetik oso handia ez den arren, bere altuera eta liraintasunagatik bereizten dela esan dezakegu.
Egitura osoan frontoi eta zutabe klasikoak errepikatzen dira, XVI. mendeko manierismo estiloa jarraituz. Erretaulako eskulturak ere irudi luzeak dira eta naturaltasun gabeko jarrera azaltzen dute. Irudi garrantzitsuena erretaularen lehen pisuan ikus dezakegu, eskuin aldean, Santigo erromes makilarekin aurkitzen da.
Bergaran gomendagarria da San Pedro Parrokia bisitatzea, han XVI. mendeko lehen erdialdean egindako erretula dago aldare nagusian. Plateresko estilokoan, irudi klasikoak behin eta berriro errepikatzen dira fintasun handiz : gruteskoak, kolomatxoak eta aingeru buruak, besteak beste.
Lanaren egitura oso argia da: bost kale bertikal eta hiru gorpuz horizonaletan banatuta dago, eta barruan, Apostolu, Santu eta Jesusen Pasioaren uneak irudikatuta agertzen dira.
Irudiak orokorrean ez dute estilo berriaren berezitasunak hartu, hala ere, predelako ebanjelisten irudiak kalitate handikoak dira. San Lukas, San Juan, San Mateo eta San markos maisutasun handiz eginda daude.
kalitate eta edertasun handiko erretaula honetan aipagarriak dira predelako 4 ebanjelisten eskulturak.