Postre honen bidez Bergarako historiari, kulturari eta herrikideei omenaldi xume bat egin nahi izan zaio. Bergararrek postre berri baten errezeta eskura izateko hainbat osagai beharrezkoak izan dira.
Lehen osagaia ideia bera da. Ideia, Bergararen hiri-gutunaren 750. urteurrena 2018an ospatzea izan zen eta Gotzon Arzelus bergararraren buruan sortu zen. Dokumentu baten jaso zuen eta ingurukoen artean zabaltzeari ekin zion.
Beste osagai bat historia da. Konkretuki, historiaren hiru zati: hiribilduaren sorrera duela 750 urte, 1783 an wolframioa topatu izana eta Bergarako erreilenoak (postre berri honen inspirazio-iturri).
Eta iraun nahi duen lan baten beste osagai bat, aditu baten parte-hartzea da. Hori dela eta, Basque Culinary Center-era jo eta honek ideia eta historia bat gauzatu zituen.
Norbanakoen txinparta beti premiazkoa bada ere, ez luke bide luzerik izango elkarlanaren osagaia falta izanez gero. Eta horrela posible izan da puntu honetara iristea, Udaletik proposatutakoari baietza eman dioten pertsona eta entitate askoren laguntzarekin.
Horiek izan dira errezeta hau sortzeko erabilitako osagaiak; orain arte gutxi batzuen eskuetan izan den errezeta eta orain guztiona dena: WOLFRAM GOXOA.