Oñatin, San Migel parrokian dagoen Pietatearen kaperako erretaula ikusgarria da. Granadako Errege Kantzileriako lehendakari eta gero Avilako gotzaina izandako Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarraren aginduz XVI. mendean eraikitako kapera da.

Lehen errenazimenduko kapera hau, San Migel elizako aldare nagusiaren alboan kokatuta dago, gotzainaren mausoleoa kokatzen den toki berean. Erretaula, Valladolideko Gaspar de Tordesillasen arte lan bikaina da eta bertan Jesusen Pasioa eta Mariaren bizitzaren pasarteak ikus daitezke.

Ez oso urruti, Sancti Spiritu Unibertsitateko kaperan, XVI. mendeko erdialdeko maisulana aurkitutko dugu: San Migel eta Espiritu Santuari eskainitako erretaula errenazentista. Pierres Picart farntziarrarena lanaren emaitza dela uste den erretaula honek egitura argia eta erregularra du. Erdiko kalean dauden irudiak dira apagarrienak, izan ere, jantzien tolesturak eta irudien mugimenduak dinamismo handia ematen diote multzoari eta estilo manieristara gerturatzen dela esan dezakegu.

Bidaurreta Monasterioko elizan ere lehen errenazimendu garaiko erretaula interesgarria dago. Oñatiko Juan de Olazaranek eginda, hasieran aldare nagusian egoteko egin zen arren (1533tik 1753ra hor egon zen), beranduago gurutzaduraren ezker aldera pasatu zuten. Artistaren trebetasuna predelako apostoluen irudietan atzematen da batez ere. Hiruko multzotan banatzen ditu eta bakoitzak bere sinboloa darama: San Pedrok, giltza ; Santiagok, makulu eta erromes kapela; San Juanek, kaliza…

 

Oñatiko San Migel Parrokian, aldare nagusiko San Migelen erretaula ikusgarria da. 1714 eta 1717 urte bitartean Juan Bautista de Susok egin zuen, “barroco churrigueresco” deritzon estiloan. Arkitektura lan hau urre kolorean margotuta dago eta mugimendua ematen dioten hainbat kolomekin banatzen da.

Bidaurretako Monastegiko elizaren aldare nagusian, Koroapenaren erretaula kokatzen da. XVIII. mendeko erretaula hunkigarri hau barroko-rokoko estiloan eginda dago eta irudiak Jose Sierrarenak direla uste da bere kalitate apartagatik.

Arantzazuko basilikaren adare nagusian, erretaula ikusgarria dago. Lucio Muñozek 60. hamarkadan eginda, egurrezkoa da eta eta 600 m2 inguru ditu. Bere azaleran Arantzazuko paisaia adierazten da eta erdialdean Arantzazuko Amabirjinaren irudia kokatuta dago.