Oñatiko kontea 1494. urteraino bere jabetza luzatu zuen arren, urte horren ostean bake garai bat hasi zen Leintz Gatzagan. XVI. mendetik aurrera hasi ziren leinuak edertasun handiko jauregi eta oinetxeak eraikitzen, garai horretako adibide garbia Santiago atetik oso gertu daukagu.
Elexalde etxea, Leintz Gatzagako leinu zaharrenetariko baten jauregia da. XVI. mendean eraikita, Oñatiko kontearen gaztelua zegoen lekuan jasota dago eta bere fatxada ikusgarria da. Xumea baina oso ederra, plateresko garaiko elementu apaingarri tipikoak ditu. Sarreran, errostoiez apaindutako dobelak dituen erdi puntuko arkua dauka eta alde bietan zutabe lirainez apaintzen da. Familiaren armarria lehen solairuko balkoian dago, frotoi klasiko baten erdian.