Lehen etapa honen abiapuntua Loiolako Santutegian dago. Ibilbidearen azalpen-tauletako batek adieraziko digu bidea non hasten den. Monasterioaren ondoan dagoen parkeko zuhaiztian helduko diogu bideari, eta berehala, eskuinera doan adarra hartu beharko dugu. Bide horrek Igarako errotaraino eramango gaitu, Gogartetxearen paretik eta Garate anaiaren sortetxearen ondotik igarota (500 m, 10’).

Errepideari jarraitu eta ezkerretara egingo dugu. Gero, eskuineko pista asfaltatuan sartuko gara; igoera nabarmena du eta hainbat baserritara doa. Asfaltotik atera eta Narzabal baserriaren azpialdean dagoen baso pista batean sartuko gara. Ibilian, tarteka, etxeak eta baserriak ikusiko ditugu . Haritz eta pago ale ederrez osaturiko baso txiki bat zeharkatu ondoren, eta malda handia igotakoan, Loiola eta inguruko bazterrak eder eta zabal agertuko zaizkigu. Berehala, pinudi batean sartu eta, hainbat hesi atzean utzita, Garin baserriraino eramango gaituen bide asfaltatura iritsiko gara (3,2 Km, 1h).

Baserriaren atzealdeko zementuzko bideak errepideraino gidatuko gaitu; lehenengo bidean errepidetik atera, eta Murgil eta Kerexeta baserrietara iritsiko gara. Haize leku eta Varela etxeen ondotik igaroko gara. Kerexeta, Aizpuru eta Murgiako bidegurutzeak gaindituta, Makastegi baserrira iritsiko gara. Hegoalderantz jarraituko dugu, harik eta Urtzabal errekako burualdera ailegatu arte; toki horretan, pistak ekialdera hartzen du. Insignis-pinuen sail berrien artean jarraitu eta Igaratera iritsiko gara, garai batean baserri horrek izan zuen bikaintasunaren erakusgarri. Egun, arrastoak iragan garaietako lekuko dira (7,7 Km, 2h 10’).

Igaratetik, Pagoetxeko leporainoko igoerari antzemango diogu. Berezko landaretzaz osaturiko guneak ikusten dira, zeharkatu beharko ditugun baso-sail zabalez inguratuta. Bideak Samiño eta Pagola mendietako magalak inguratzen ditu eta, malda handiegirik gabeko igoera etengabearen ondotik, lepora iritsiko gara. Lepoa bidegurutzea da, eta bideak hara eta hona abiatzen dira. Zizelez landutako monolito batek norabide guztiak adierazten ditu (San Kristobal, Izaspi, Martirieta, Loiola, Samiño) (11Km, 3 h 15’).

Pagoetxetik behera hasiko gara Zumarragaraino, pinudi zabalaz inguratutako pista eroso bat hartuta. Izaspi mendiko tontorraren azpian, beste monolito bat aurkituko dugu, norabide guztien oharrak dituela. Toki hau gure ibilbidearen eta Mandubira doan GR-34.1en arteko bidegurutzea da, baina guk hurbil dagoen Antioko Baselizarantz joko dugu. Beloki mendiko magalak inguratu ondoren, Zumarragako lehen elizara iritsiko gara; hau da, euskal erromanikoaren adibide bikainera. (15 Km, 4 h).

 

 

Ibilbide luze hau Azpeitian hasten da, Loiolako Santutegian; XVII. eta XVIII. mendeetan eraikitako monumentu gune ikusgarria da. Izarraitz kareharrizko mendigune puska handiaren oinetan, gure bidea Zumarragako Antioko Baselizaraino iritsiko da, Igarateko eta Pagotxetako lepoetan barrena.

Irteera-puntua: Loiola

Helduera-puntua: La Antigua

Distantzia: 15,10 km.

Denbora: 4:00 ordu

Malda: 835

Deskargak: GR-120 lehen etapa

MIDE: GR-120 lehen etapa