Urak harriak oharkabean mugitzen eta higatzen dituen moduan aritzen ziren inguruetako kontrabandistak estraperloan, ingurune karstiko honetan. Koba, bide eta zuhaitz artean ederki moldatzen ziren, bazterrak inork ez bezala ezagutzen baitzituzten. Gaur egun galtzeko arriskurik ez du izango ibiltariak, bidea argi markatuta baitago.
- Bellostegi eta aitzabal: Oso garaiak ez diren arren, daukaten kokapenagatik, ikuspegi zabala eskaintzen dute, bereziki pare-parean dagoen Arantzazurena.
- Iritegiko surgentzia: Arantzazu inguruetako eremu karstikoan dago Iritegiko surgentzia, etengabeko ur jarioa duena.
- San juan artia: Kalagorriko galtzadaren ondoko goi-lautadan kokatuta, baseliza, ostatu, eta baserria eta bidelapur, mandazain eta kontrabandisten gunea izan zen. Egun, arrasto batzuk geratzen zaizkigu istorioz beteriko iragana oroitzeko.
- Madina auzoa: Mendiko auzune honetan estraperlistek gordeko zituzten ziurrenik hara eta hona eramandako salgaiak.
- Arrikrutzeko haitzuloa: Kare-hormen artean dago idatzita milaka urteko geologiaren historia, eta inguruko herritarrek gordetzen dituzten kobari buruzko kondairak.