Bergara hiri monumentala dela erraz atzematen da. Erdigunea dorretxe, jauregi eta monumentu ugariz osatuta dago. XVI. mendea bake garaia da eta, Bergararentzat, oso oparoa. Hobekuntza ekonomiko eta sozialarekin batera garai honetan eraikin ugari egingo dira hirigunean, merezi du hauek guztiak mirestera gerturatzea.
Gabiria, Ozaeta, Ondartza eta Olaso dorretxeak ezaugarri berriekin altxatu ziren: dorretxeek izaera militarra galduko dute baina arkitektura militarraren xehetasun tipiko batzuk mantenduko dituzte. Esate baterako, teilatu ertzetan ikus daitezkeen garitoiak.
Arrese eta Azkarate-Marutegi jauregietan berriz, errenazimenduko estiloaren berezitasunak aurkituko ditugu: ertz batean kokatzen den balkoi bateaz apaintzen dira biak. Gainera, Azkarate-Marutegiren kanpoko horman, Alemaniatik ekarritako berogailu baten 53 zeramikazko plaka ikus daitezke.
Udaletxetik gertu, Jauregi etxe aparta aurkitzen da. Bere fatxada errenazentista, 1500. urtean eginda, behe-erliebean egindako irudiez osatuta dago. “Horror vacui”ak hasiera baten nahastu egiten gaitu, hala ere, arretaz begiratzen badugu, gorteko eta ehizan inspiratutako hainbat irudi aurituko ditugu.
Barrenkaleko Aroztegi jauregiaren ate nagusia ikusteko aukera ere ezin dezakegu galdu. Atea, plateresko estiloan landuta dago eta egun jauregiaren barruan kokatzen da. Azkenik, Egino-Mallea jauregiaren fatxada, manierismoaren adierazgarria da eta elementu arkitektoniko desberdinak erdialdean tartekatuz apainduta dago.
Borjako San Frantziskoren bizitza gure eskualdeko bi herriekin erlazionatuta dago: Oñatin, non bi urtetan bizitzen egon zen; eta Bergara, non brere lehen jendaurreko meza esan zuen 1551. urtean. Azken gertaera hau Santa Ana ermitan kokatzen da, Errotalde jauregiaren ondoko parkean, XVI. mendeko ermitaren kanpo aldean.
Ariznoako San Pedroren Parrokia ere aipagarria da. Lehen erreferentziak 1344koak dira, hala ere, gaur ikus dezakegun eraikuntza XVI. mendekoa da eta barruko aldare nagusiaren erretaulak plateresko estiloa jarraitzen du. Eliza honetan, 1551-1552 urte bitartean, San Francisco de Borjak hainbat aldiz meza esan zuen . Barruan dagoen koloma batek ekitaldi hau oroitzen du.