SANTAMASAK EDO SANTO TOMAS JAIAK
Abenduaren 22an baserriko produktuak erakutsi eta saltzen dira, lehiaketa (gazta, fruta, barazki…), artisautza erakusketa, herri kirolak, kalejirak eta abar antolatzen dira.
SAN JUAN JAIAK
Jai nagusiak ekainaren 23tik 26ra ospatzen dira. San Juan bezperan, ekainaren 23an, Errementari dantza ikuskizuna egiten da. Dantzariek herriko kaleak zeharkatzen dituzte eta San Juanetako zortziko dantzarekin ematen diote amaiera ikuskisunari, herriko plazan San Juan suaren inguruan. Udalerriko hainbat taldek parte hartzen dute: Arrasateko dantza taldeak, Arrasate Musical musika banda, txistulari taldeak, Arrasateko gaita-joleak, trikitilariak, albokalariak eta txalapartariak.
MARITXU KAJOI
1977az geroztik, urriko lehenengo ostiralean ospatzen da Maritxu Kajoi. Txikiteroen zaindari den Maritxu Kajoiren irudia Errosarioko Ama da, San Juan parrokiaren kanpo aldeko kutxa baten kokatuta dago, Erdiko Kalearen ondoan. Egun horretan dotore jansteko ohitura dago.
SAN NIKOLAS JAIA
Abenduaren 6an San Nikolas jaia ospatzen da. Goizean zehar, herriko umeak kalez kale doaz San Nikolas kanta abestuz eta etxeetako balkoietatik eta udaletxeko balkoi nagusitik gaztaina, intxaurra, goxoki, txanpon eta abar botatzen dizkiete, hau da bolo-boloa.