XVII. mendeko giro baketsuak eta oparotasun ekonomikoak, herriaren garapena ahalbideratu zuten. Herriko familia garrantzitsuenek jauregi berriak eraikiko dituzte Arrasaten.
Monterron jauregia, Zarugalde kalearen hasieran dago. Kanpoko aldean, barroko herreriano estiloa jarraitzen du: ia apaindura gabekoa da eta egitura lauki eta soila dauka. Nabarmenena, Andikano-Zelaaa eta Aranguren Uzuetarren bi armarriak eta balkoiko burdin-hesi landuak dira. Bere jauregi izaera mantentzen du eta aipagarria da jakitea Arrasatetik pasatutako hainbat pertsonai bertan hartu zutela ostatu: Felipe V.ena eta Maria Kristina erregina, besteak beste.
Jauregi honen garrantzia bere parkean datza. Merezi du alboan dagoen lorategia bisitatzea, izan ere, bere oparotasun botanikoa apartekoa da: wellington sekuoia giganteak (Gipuzkoako handienetarikoak), haginak, magnoliak, zedroak, ezkiak eta apaintzeko beste hainbat zuhaixka.
Okendo jauregia, Maalako arrabalean aurkitzen da. Bertan aipagarriena Barrutia familiaren armarri ikusgarria da. Harlanduzkoa, barroko estiloaren adierazlea da.
Andikano Loiola familiak herri erdian eraiki zuen bere jauregia. Harlanduzko eraikin honek ere estilo klasikoa jarraitzen du, herreriano estiloa. Fatxada bi armarri handiz apaintzen den arren, ez dira ondo ikusten egurrezko galeria eder batez babesten direlako. Galeria hau mende batzuk beranduago gehitu zitzaion, horregatik, neogotiko estiloaren eredua jarraitzen du. Ezbairik gabe, Herriko Plazaren elementu ederrenetarikoa da.
XVIII. dokumentuen arabera, Arrasateko herrigunea nahiko garatuta dago: erdi aroko 3 kaleak mantentzen dira, harresiaren egitura, 5 arrabal, 3 komentu, pasealeku ederrak eta hiru auzo. 1700 biztanle zituen eta 286 etxe inguru.
Aurreko mendearen oparotasunaren ondoren, egoera ez da batere ona izango. Burdinola gehienen amaiera etorriko da eta gainbehera ekonomikoa. Hala ere, gaur egungo herriko eraikuntza nabarmenetarikoa garai honetakoa daukagu, Udaletxea.
Martin de Carrera arkitektoaren lana eraikitzerakoan, 1755. urtean, izaera barrokoko enparantza sortu zen. Kareharrian egindako harlandutako fatxada karpaneldun bost arkuko arkupearekin zabaltzen da. Solairu nagusia balkoi luze batekin irekita dago eta teilatu hegalaren azpian, herriko armarri ikusgarria ikusteko aukera daukagu.
Eraikin soila bada ere, baditu mende amaierako frantses-errokoko estiloan oinarritutako apaindurak: puttiak, kiribilura eta arrokaiak leihoetan eta balkoi nagusian kokatzen dira. Apaindura mota hau Oñatiko Udaletxean errepikatuta ikus dezakegu.