Aretxabaletako dorretxeak gune xarmangarrietan kokatzen dira. Otalora dorretxea Aozaratza elizatera gerturatu bezain laster ikusiko dugu. Gaurko eraikuntza hainbat berrikuntzen ondorioa da: Otalora leinuak XIV. mendean eraiki zuen baina gero XVI. mendean handitu eta aldatu egin zen.
Aipagarriena, bere sarrera da. Harriz landutako larrosaz apaindutako balkoi ederra dauka, gainean familiaren eta Carlos V.aren armarriekin osatzen da. Behin hemen gaudela merezi du eraikina oinez inguratzea. Ezker aldean gezileiho hilara bat dago eta gainean egurrezko galeria ikusgarri bat.
Bailararen beste aldean, Galartzako elizatean, izen bereko beste dorretxe dotore bat ikusteko aukera daukagu. Honek ere XIV. mendean eraiki zen arren eraldaketa batzuk jasan ditu. Ez du bere izaera militarra galdu eta beheko solairuan oraindik hasierako leiho estu eta txikiak mantentzen dira. Eraberritze lan garrantzitsuena XV. mendean jasan zuen. Dorretxeari bigarren pisu bat gehitu zitzaion eta leiho handiekin zabaldu zen.