XIV. eta XVII. mendetan zehar Aretxabaleta elizate bat da eta, beste 16 elizateeekin batera, Leintz Bailara osatzen du. Elizateen kopuru handiak kudeaketa arazoak ekarri zituen eta, horren ondorioz, 1630ean bi udalerritan banatu ziren: Aretxabaleta eta Eskoriatza.
Gaur egun Aretxabaletan 7 elizate daude, gune paregabeetan aurkitzen dira eta bertako elizak zein dorretxeak bisitatzea biziki gomendatzen dugu. Koruetan, Santiago elizaren barruan dagoen XVI. mendeko erretaulan, antzinako Santiago erromesen aipamen zuzena daukagu. Aozaratzan, Otalorako dorretxearen eta San juan elizako kapera pribatuaren aztarnek, Otalora leinuaren garrantzia azaleratzen dute. Areantzan, Andra Mari elizan, XV. mendeko tailak ikusteko aukera daukagu. Larrinon, San Kristobal elizaren ataurretik, Urkuluko urtegiaren eta Kurtzebarriren ikuspegi ederrak daude.
Isurietako elizatea, herritik gertuen dagoen elizatea da eta bertan San Pedro eliza dago. Pixkat aurrerago, muino txiki baten gainean, Galartzako elizatea aurkitzen da. Bertan, Santa Lutzia eliza eta XIV. mendeko Galartza dorretxea erraz nabarmentzen dira.
Portasol auzotik Arkarazora helduko gara. San Milixan elizaren kanpandorrea Martin Carrera arkitektoak diseinatu zuen XVIII. mendean.