Loiolako San Ignaziok bere erromesaldi luzean egin zituen lehen urratsak jarraituz, gaur egun Hiru Tenpluen Ibilbideari esker osatu daiteke Loiolatik Arantzazurako bidea, Antioko ermitatik igaroz. Hauxe da Ignaziotar Bidearen hasiera, hau da, 1522. urtean Loiolako Ignazio zaldunak bere etxetik Manresa hirira egin zuen erromesaldia birsortzen duen bidearen lehen zatia.
GR-286 izeneko ibilbide hau Urola Erdiko, Urola Garaiko eta Debagoiena eskueldetako paraje ederrak zeharkatzen ditu, bertan dauden hiru monumentu esanguratsuenak lotuz: Loiolako Santutegia, Zumarragako Antioko ermita eta Oñatiko Arantzazuko Santutegia.
San Ignazioren jaiotetxean hasten da 45 kilometroko ibilbidea, Loiolako santutegian, alegia. Izarraizko oinetatik abiatu eta Igarate eta Pagotxeta lepoetan barrena, Zumarragako Antioko ermitara iristen da bidea. Jarraian, Aizkorri-Aratz natur parkean sartzen da eta artzaintza gune ikusgarriak zeharkatu ondoren, Oñatiko Arantzazuko santutegira iristen da. Hiru etapetan egin daiteke ibilbidea, bidean bi egonaldi eginez.
Erromes ugarik bisitatzen ditu urtero Hiru Tenpluak, bai bere balio historiko, artistiko eta kulturalari esker baita ibilbideak beraientzat duen balio espiritualagatik ere.