Turismoko bonuaren epea 2021en bukaerara arte luzatzen da

  • Euskadi Turismo Bonuaren epea 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen da, jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoko enpresetan erabiltzeko.
  • Ostalaritzako eta turismoko 466.250 bonuek gutxienez 14 milioi euro mugituko dituzte erosketetan.

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta EUDELekin batera, akordio aitzindari bat sinatu zuten 2020an “Euskadi Bonu Denda” eta “Euskadi Turismo Bonua” kontsumo-bonuak kaleratzeko eta sektore horiei lagundu ahal izateko, gehien erasandakoak baitira pandemiaren ondorioz.

Ezarritako murrizketengatik eta mugikortasun-mugengatik, Turismo Bonua ezin izan zen aktibatu, eta, beraz, bere epea luzatzea erabaki zen pandemiaren egoera hobetu artean. Gaur argitaratu da bonuen epea luzatzeko agindua, 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra erabiltzeko. Bihartik aurrera irekiko da prozesu berri bat martxoaren 26ra arte enpresak atxikitzeko.

Hortaz, bere garaian inskribatu ez ziren enpresek, orain inskribatu nahi izanez gero, webgunean egin dezakete bihartik hasita martxoaren 26ra arte. Ondoren eguneratuko dira plataformako eduki guztiak establezimendu berriekin, eta apirilaren 13tik aurrera egongo dira erabilgarri. Ez da beharrezkoa bonuak aldez aurretik eskuratzea; aukeratzen diren establezimenduetan ‒programari atxikitakoetan‒ eskatu behar dira. Atxikitako establezimendu eta enpresa guztiak egongo dira ikusgai kontsumitzaileentzat webgune honetan: www.euskaditurismobono.eus.

Bonuen bitartez, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak suspertu nahi dira, baita krisi horrek berak eragina izan duen familietan kontsumoa aktibatzen lagundu ere. Jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoan jarduera dinamizatzeko formula bat da, tokiko eta eskualdeko mailan bere eragina sustatzearren.

Bonuak 18 urtetik gorako pertsona fisikoetan aplikatu ahal izango dira, eta Euskadin bizi direnei edo beste leku batzuetatik etorritakoei daude zuzenduak. Ez da bonu fisikorik jaulkiko; horren ordez, bonuak gastatzea erabaki den establezimenduan bertan kudeatuko dira.

Bonuak deskontu-bale ereduan oinarrituak daude 3 modalitatetan. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduak, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira, hurrenez hurren, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako. Hirugarren modalitatean 20 eurokoa izango da deskontua, gutxienez 60 euroko erosketetarako alojamendu turistikoetako establezimenduetan. Gehienez 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta gehienezko muga 40 euroko guztizko deskontua izango da pertsonako.

“Euskadi Turismo Bonua” Euskadiko mikroenpresetara, eta enpresa txiki eta ertainetara dago zuzendua, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoetara, besteren artean: alojamenduko establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolakuntzako turismo-enpresak; jatetxeetako eta ostalaritzako establezimenduak; abenturako enpresak eta naturan kirol-jarduerak antolatzen dituzten enpresak —adibidez, turismo aktiboa—; turismo-garraioko enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea hedatzen diharduten enpresak eta jolas-zentroak.

www.euskaditurismobono.eus