“ARETXABALETAKO TOMATEA. BIOANIZTASUNA, LURRALDEA ETA JAKINTZA PARTEKATUA” LIBURUAREN AURKEZPENA

 

Aretxabaletako tomatea barietate biziki ezagun eta estimatua bilakatu da. Haren ospeak aise gainditu ditu izena ematen dioten herriaren mugak, baina oso gutxi dakigu bere historiari buruz. Zein da bere jatorria? Nola irabazi du halako onarpen zabala?

Norbere baratzean lantzen dutenak, edo etxeko mahaira ateratzen dutenak asko izanik ere, Aretxabaletako tomatearen historian badira erabakigarriak izan diren zenbait izen propio. Haiei esker goza dezakegu gaur, neurri handi batean, haren fruituen zaporeaz.

Azken urteetan, Aretxabaletako tomatea balorean jartzeko eta ezagutarazteko iraileko azken astean hainbat jarduera garatu dira. Aurten, aldiz, tomatea landatzeko garaian Marc Badal ikertzaileak idatzitako “Aretxabaletako tomatea. Bioaniztazuna, lurraldea eta jakintza partekatua” liburua aurkeztu zen pasa den ostegunean, maiatzak 10, Aretxabaletako ARKUPEn egindako ekitaldian.

Lankidetasunetik eta partekatutako jakintzatik eraikitako kontakizun honek erakusten digu nola bioaniztasun landuaren berreskuratzeak bide eman diezaieketen lurraldearekin eta herri memoria nekazariarekin loturak berreskuratzen lagun gaitzaketen prozesu sozialei.

Liburua ARKUPEn izango da salgai 5 eurotan.