Gatz Museoa Leintz Gatzagako gunetik 250 metrora kokatuta dago, garai bateko Dorletako gazteluaren ondoan- gaur santutegia- ; gaztelua, herria eta bertako gatz produkzioa babesteko eraiki zen.

Mende askotan, ur gaziaren iturriaren inguruko jarduera izan zen Leintz Gatzagako bizigarria, herriaren sorrera sustatu baitzuen eta izena ere eman baitzion.

Herri honetako klima hotz eta hezearen ondorioz, gatzaren ustiapena ez zen eguzkiaren bidezko lurrinketa sistema erabiliz egin eta horixe da gatzaren ustiapenean lan egiten duten beste herri askotatik bereizten duena. Beste prozezu bat erabiltzen zuten eta egurrez elikatutako suaren bidez ura berotuz bereizten zuten gatza.

“Urre zuria” deitu izan dena estimu handiko ondasun ekonomikoa izan da, gizakien nahiz animalien elikadurarako funtsezko ezaugarriak baititu eta elikagaiak kontserbatzeko ere oso egokia baita. Gaur egun, zuzeneko nahiz zeharkako 14.000 aplikazio ditu.

Museoak gatzaren ustiapenaren bilakaera erakusten du, Burdin Arotik hasi eta 1927 arte, itsasoko gatzaren lehiakortasun handiaren ondorioz gatz ustiapena itxi zen arte, hain zuzen ere.

Bisitak larunbat, igande eta jaiegunetan izango dira, 10:00ak eta 14:00ak arteko orduetan. Erreserbak egiteko deitu 943 71 47 92 edo email bat bidali reservas@gatzmuseoa.com-ra.